Raúl Arkaia
Euskaria kidea
Pasa den maiatzaren 22an hausteskunde-ontziek argi eta garbi hitz egin zuten: EAJ eta Bildu EHk egundoko babesa jaso zuten Euskal Herriko biztanleengandik. Baina badirudi batzuk oraingoz ez direla ohartu. Erderaz, horri mal perder deitzen diogu.
Azkenengo bolada honetan alderdi konstituzionalistek hedabideetan zabaldutako mezuen arabera hauteskundeetako emaitzak ezin dituztela normaltasun osoz onartu ematen du. Bakearen aldeko neurriak bultzatzen dituztela esaten zutenek ezin dute onartu Bildu EHek neurri politiko eta baketsuen alde egindako apostua, nahiz eta bera benetazko eta zintzoa izan.
Horrek argi uzten du konstituzionalisten etsaia ez da ETA soilik, baizik abertzaleak. ETA nagusitzen ez den heinean, abertzaleok nagusitzen dugu. Interesgarria da ikustea abertzaleen aldeko bozkak nola hazi diren erakunde armatua desagertu ez den arren. Zer gertatuko litzateke 2013an Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan ETA egongo ez balitz?
Abertzaletasuna haztear dago euskal politikariek ziklo berri honetan sakonki lan egiten baldin badute. Bortizkeria ezak gidatuko gaitu subiranotasunaren bidean. Errepide horretan errezeta magikoek ez dute ezertarako balio izango. Erderaz esaten dugun bezala, carrera de fondo bat besterik ez da. Ondorengo urteetan konturatuko gara pausoz-pauso, apurka-apurka, abertzalismoaren apostu baketsuak gero eta erreditu elektoral haundiagoak lortuko dituela.
Hala eta guztiz ere, ez da hori nabarituko dugun aldaketa bakarra. Urteak aurrera pasa ahala, Euskal Herriko egoera politikoa sinpleagoa bihurtuko da. Baliteke ezkerreko abertzaleen blokea indartuko da eta, zalantzarik gabe, konstituzonalistek osaturiko blokeak fenomeno bera pairatuko du. Etorkizunari begira, ziklo horretan bakoitzak bere aldea aukeratu behar izango du, EAJk bereziki.