Klasiko bat Eusko Legebiltzarrean

Posted: 2nd abril 2023 by Euskaria in Sin categoría
Martxelo Otamendi – Berriako zuzendaria

Espainiako errepublika horrek euskaldunon erabakitzeko eskubidea onartuko lukeen galdetuta, gehienek ez dute erantzun argirik ematen.

Hego Euskal Herria Espainiako errepublikaren barruan ikusi nahiko luketen askok argudiatu izan dute administratiboki Espainiaren barruan dauden estaturik gabeko nazioen arazoak Katalunia, Galizia eta Hego Euskal Herria konponbide errazagoa edukiko duela errepublikarekin monarkiarekin baino. Erraza eta bakarra, azpimarratzen dute.

Monarkia historiaren paperontzira botako lukeen Espainiako errepublika horrek euskaldunon erabakitzeko eskubidea onartuko lukeen galdetuta, gehienek ez dute erantzun argirik ematen. Komeni ote zaigun argudiatzen hasten dira, merezi ote duen, nora joango ote garen bakarrik euskaldunok, Europan mugak ezabatuta daudela, estatua antzinako egitura dela…

Errepublika eta erabakitzeko eskubidea uztartzen dituen ez legezko proposamena onartu zuen ostegunean Eusko Legebiltzarrak, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. Akordioaren jatorria Elkarrekin Podemosek Espainiako errepublikaren alde aurkeztutako proposamenean dago. Eskaera horrek ez zituen EAJ eta EH Bildu asebetetzen, haien ustez motz geratzen zelako. Testu berean erabakitzeko eskubidea sartzea proposatu zieten bi alderdiek moreei, eta azkenean bi ideiak elkartu eta testu bakarra onartu zuten.

Ez da aurreneko aldia autodeterminazioaren aldeko adierazpena, edozein dela ere erabilitako terminoa, onartzen dena Eusko Legebiltzarrean. Aurrenekoa, 1990eko otsailean izan zen, EAJk, EAk eta Euskadiko Ezkerrak aldeko botoa emanda. Geroztik, 2004an Ibarretxe planaren testuan, 2014an EH Bilduk proposatua, eta igaro den ostegunean onartutakoa. Orain arteko adierazpenek ez dute inolako ondoriorik lortu, adierazpen garrantzitsuak bezain hutsak izan direlako. Klasiko bat, alegia.

Hauteskundeak dauzkagu Hego Euskal Herrian maiatzaren 28an. Hurrengo egunetan alderdiek ehunduko dituzten akordioek erakutsiko digute errealitatea.

https://www.berria.eus/paperekoa/2110/022/003/2023-04-02/klasiko-bat-eusko-legebiltzarrean.htm