(BERRIA Egunkaritik hartuta)
Joxerra García, Patxi Baztarrika y Ramon Etxezarreta hablaron ayer en una mesa redonda organizada por Forum Azkoitia a propósito de la identidad vasca.
Zer da euskal identitatea? Identitatea ala identitateak, nola ulertu behar da? Euskal identitatea bakarra ote da? Hamaika galdera egin daiteke identitatearen eta nortasunaren gainean, eta hamaika erantzun ezberdin jaso, pertsona bakoitza gaiari buruz hartzen duen ikuspuntuaren arabera. Joxerra Garzia idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen iritziz, bakarra ote den ere, euskal identitateaz aritzean galdetzen da bakarrik: «Esanguratsua da, baina subjektua txikia bada galdetzen da identitate bakarra duen ala ez. Espainiar identitateaz, AEBen identitateaz, nik dakidala, ez da galderarik egiten».
Forum Azkoitiak euskal identitateari buruz antolatutako mahai-inguru batean parte hartu zuen atzo Garziak. Irakasleak Ramon Etxezarreta eta Patxi Baztarrika izan zituen mahaikide eta solaskide. Biak ala biak, Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak.
Aitorpen batekin ekin zion Garziak: «Teorian eta legez bere nahi nauen identitate baten barruan askotan arraro edo arrotz sentitu naiz ». Eta Euskal Herrikoak ez, baizik eta beste ingurune batzuetako ezaugarriekin osatutako identitatearekin «eroso» ez dela sentitzen azaldu zuen: «Identitate horren barruan cante jondo-a edota flamenkoa ezagutu beharra besterik ez daukat. Baina bere nahi gaituen identitate plural horrek sekula santan ez du aipatzen cante jondo-aren mailan dagoen beste adierazpen bat; bertsolaritza, alegia. Ze pluraltasun dago niri plurala izateko eskatzen didan identitate horretan?».
Euskal identitatearen gainean, Garziak argi du ez dela bakarra. «Bakarra ez den eta geldi ez dagoen nortasuna behar dugu. Gurekin batera hazten eta bilakatzen dena». Horri lotuta, haren iritziz, Euskal Herriak «badu nortasun kolektiboa izatea, pluraltasuna zapuztu gabe», eta Anjel Lertxundiren aipu bat ere ekarri zuen gogora: «’Geu izateko eskatzen digu kultura unibertsalak’. Hori da gu unibertsal izateko bide bakarra; geure identitatea garatzea».
Baztarrikak azaldu zuenez, «mundua, unibertsalismoa, partikulartasunez beteriko zerbait da, eta identitaterik edo hizkuntzarik indartsuenak ere partikulartasunak besterik ez dira». Euskal identitatea «besteak diren bezala» dela uste du Baztarrikak: «Eta bakarra? Mundu guztia ez da patroi beretik sortu, eta esan beharko genuke askotarikoa ere badela». Izan, euskal identitatea bada, haren ustez, «proiektu politiko eta ideologiko jakinen gainetik, horiek batzeko gaitasuna duen euskal identitatea. Euskal herritar izateko hainbat modu daude, eta modu horiek guztiek euskal identitatea aberasten dute».
Euskal identitateaz hitz egiteko «faktore objektiboak» badaudela iritzi dio Baztarrikak: «Kultura bat, bizimodurako balio batzuk, balio eskalak, tradizio bat, hizkuntza… eta, batez ere, geu izatearen kontzientzia».
Etxezarretak beste ikuspegi batetik ikusten du euskal identitatearen gaia, «jende askok ebidentzia moduan ikusten duen gaia». Izan ere, euskal identitatea bakarra den galdetzeak galderatik bertatik definitzen du «egon badela euskal identitatea». «Baina identitaterik ez dagoela dioenik ere ezagutzen dut. Eta nik eskertuko nuke identitatea zer den azalduko lidakeen norbait aurkitzea».
Identitatea «bakoitzak berea» duela dio Etxezarretak. «Baina ez naiz eroso sentitzen euskaldunak eta benetako euskaldunak bereizten dituenarekin, edota belar metarekin, zelai berdearekin eta pilotako angelusarekin euskaltasuna sentitu eta Txillidaren Haizearen orrazia edota Kontxako baranda arrotz sentitzen dituenarekin». Horri lotuta, Etxezarretak ezagutzen du «duela 7.000 urteko euskal gizakia gaur egungo Portugaleteko edozein pertsona baino hurbilago ikusten duenik».
Eta identitatea «den ala ez den» ez daki Etxezarretak: «Baina euskal identitateak hiru-lau bat milioi izango dira. Identitatea baino gehiago maite dut herritartasuna, euskal herritartasuna. Herritartasunak egiten gaitu berdin, ez identitateak».
Baliabideen beharra
Frankismoaren garaitik hona identitate bat eraikitzeko egin den ahaleginaren erakusle, D ereduaren bilakaera aipatu zuen Garziak, Etxezarretari erantzunez: «Ramonek herritartasuna aipatzen du, indibiduoa eta estatua besterik egongo ez balira bezala, baina tartean taldeak, sare sozialak daude. Eta miresgarria da hemen belaunaldi batek nola transmititu dion beste bati bera izan ez dena». Etxezarretak, ordea, herritartasuna herriarekin lotu zuen: «Herri bat dagoen neurrian dago herritarra. Kolektiboak bere burua definitzen du, baina momentu bakoitzean».
Gaur egun identitatearekin lotzen diren diskurtsoetako bat elebakartasunaren inguruan dela uste du Baztarrikak: «Hizkuntza komunaren diskurtsoa, ustez kohesio sozialaren diskurtsoa dena, diskurtso esentzialista eta homogeneizatzailea da. Horregatik komeni zaigu identitate elebakarretik identitate eleaniztunerako jauzia egitea».
Garziak, bestalde, gogora ekarri zuen Jon Sarasuak gidatutako taldeak Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu duen kultur politikari buruzko txostena onartuta dagoela: «Kultur politikek gu geu izaten lagundu behar digute. Hori esaten du. Eta identitate arazoak berbazko faktoreei lotuta daude». Alde horretatik, Gipuzkoako Diputazioak duen txostenak eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturen Arteko Herritartasun Hitzarmenak «bateratu ezinezko estrategiak» proposatzen dituztela dio Garziak: «Irudipena dut bi identitateren arteko eztabaida dagoela hor. Eta horregatik jakin nahiko nuke guk ere geure identitatea, etengabe bilakatuko den hori, eraikitzeko tresnak izateko eskubiderik daukagun. Edo nahitaez besteek diseinatutako identitatean disolbatu behar dugu».
http://paperekoa.berria.info/harian/2011-02-26/011/001/identitatea_bakarra_ala_hamaika.htm