Donostiako Atano III.a pilotalekuan sinatzaile berriei ongietorria egingo diete, 17:30ean. Sozializazio fasea amaitutzat eman, eta behin betiko faseari ekingo diote, akordioaren oinarriak betetzeari
(BERRIA egunkaritik hartuta)
Gernikako Akordioa aurkeztu zutenetik bost hilabete igaro direla, akordioa sozializatzeko garaia burututzat eman dute sinatzaileek. Hala, sozializazio fase horren ondorioz akordioarekin bat egin duten eragile berriak zeintzuk diren aurkezteko, ekitaldi nazional bat egingo dute datorren larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 17:30ean.
Donostian emandako prentsaurreko batean, sozializazio fasea ontzat jo dute, eta bereziki azpimarratu dute “gizartearen parte-hartzea”. Gizarteak eskatzen zaionean inplikatuz erantzuten duela nabarmendu dute, eta joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsua jarri dute adibide gisa.
Datorren larunbatetik aurrera, “behin betiko” fasera igaroko dira, hau da, akordioan jasotako puntuak betetzeko lanari ekingo diote. “Akordioaren oinarriak praktikara eraman nahi ditugu, euskal gizartearen eskakizun argiak direlako”.
Joan den irailean sortu zuten Gernikako Akordioa Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek, eta, haien eskaeren artean, gaurko espetxe politika etetea, presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea eta auzi judizialak geratzea daude. ETAri ere egin zioten eskaera: su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria emateko. Erakunde armatuak su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria eman zuen urtarrilaren 10ean.