Herrien autodeterminazio eskubidea

Posted: 25th julio 2018 by Euskaria in Sin categoría
Ane Ablanedo Larrion – Unibertsitateko irakaslea

Gauza guziak ezin direla bozka bidez erabaki, argudio gehiegirik eskatzen ez duen baieztapena da. Inori ez litzaioke zentzuzkoa irudituko gutxiengo/gehiengo jokoaren arabera erabakitzea, adibidez, emakumeek bolanteetan parte hartzen ahal duten Luzaiden, edo beltzak, Hegoafrikan, zurien eserleku beretan jar daitezkeen ala ez. Eskubideen urraketa ikusten dugun adibide horietan emazteek eta beltzek bozka bat irabazi behar izatea proposatuko balitz soluzio gisa, asaldatu egingo ginateke. Trufa galanta irudituko litzaigukeelako, iseka.

Pertsonon duintasuna jokoan dagoen gatazketan kontuan hartu beharrekoa da, noski, kantitatearen bariablea. Baina gure borondatea gauzatzeko/inposatzeko edo eskubideak errespetarazteko/urratzeko beharrezkoa den indarrean eragina ukan dezakeen neurrian, bakarrik indarraren baliokide gisa ulertzen dugulako sarri, nahiz ez den inondik ere beti horrela. Kantitateak ez du ekintza baten zilegitasunean zer esanik, ez du honetan eragiteko ahalmenik. Zorionez. Eskubide bat urratzen dutenak asko eta indartsu izaten ahal direlako, eta biktimak agian, guti eta ahul. Argi dago kasu horietan boteretsuaren gogoa eginen dela, boteretsua izanik berak duelako indar nahikoa, baina horrek ez die biktimei arrazoia kentzen. Bidegabekeria ez da bidezko bilakatzen gehiengoa alde izateagatik. Ez dio delituak delitu izateari uzten.

Funtsezkoak diren giza eskubideekin gertatzen da bakarrik hori, eta funtsezko izate hutsagatik. Hautuzkoak ez izateak ezberdintzen ditu, hain zuzen, gainerakoetatik, ezin direla bozka baten emaitzaren baldintzapean ezarri, edo akordio baten baldintza/ondorio izan. Gehiengo edo gutiengoen jokoak ez diela eragiten. Horretan datza beren berezitasuna. Jendearen duintasuna delako bermatu behar dutena, eta hori, bistan denez, ez delako «erabakitzen» ahal.

Nazioarteko Autodeterminazio Eskubidea funtsezko horietariko bat da, eta hori horrela dela jakiteak baten bat harritzen baldin badu, jakin dezala ez dela, gainera, nolanahikoa. Nazio Batuen Asanbladak berak aitortua da giza eskubide oinarrizkoen artean lehena dela, eta hala den heinean, baita gainerako guzien baldintza ere, ulergarria denez. Zeren eta, autodeterminazio eskubideak babesten duena herri bat bere lurraldean libre bizi ahal izatea baldin bada —hau da, independentzia nazionala— nola pentsa daiteke beste eskubiderik izaten ahal duela jendeen askatasun-printzipioa bera urratua ikusten duen herriak? Askatasunarekin batera dena galtzen da. Horregatik da autodeterminazioa gainerako giza eskubide ororen baldintza.

Autodeterminaziorako duen eskubidea, inperialismoaren erasopean askatasuna galtzen duenean baizik ez du herri batek aldarrikatzen, ez lehenago. Besterik gabe, horren beharrik ez duelako. Herriei dagokien egoera naturalean bizi da, bere lurraldean aske eta independente. Eta oinarrizko askatasun-egoera horren kontra eraso edo injerentziarik pairatu ezean, ez dauka inolako eskubideri dei egiteko motiborik. Eskubideak, urratuak direnean baliatuak izateko formulatzen dira. Babesten dituzten baloreen kontra beti dagoelako balizko urraketaren mehatxua, eta hala gertatzekotan, biktimak ukan dezan galdutako egoera zilegi horretara itzultzea dagokiola aitortzen dion instantziarik.

Beraz, galdutako independentzia berreskuratzeko baizik aktibatzen ez den eskubidea denez, autodeterminazioa aldarri duen herriak zuzenean du inperialismo egoera bat salatzen. Pairatzen duen egoera tamalgarria du autodeterminazioa planteatze hutsarekin erakusten. Eta hain zuzen ere inperialismoa eta autodeterminazioa txanpon beraren bi aldeak direlako, horratx nire galdera zintzoa: nola iritsi ahal izan da inor inoiz pentsatzera autodeterminazio eskubidea askatasuna eta gatibutzaren artean hautu egitea dela? Hasteko, absurdua da: nork erabakitzen du askatasunez gatibu izatea? Eta interesatua: autoderminazio eskubidearen esanahiaren ukamena eta faltsifikazioa. Eskubide honen ariketa gauzatzea erreferendum bat antolatzea balitz, aski luke herri menderatzaile batek biziki populatua izatea, tikiagoa den beste herri baten menderakuntza bozka bidez zuzenean demokratiko bilakatzeko. Erraza luke Txinak, esaterako, Tibeten. Tibetarrek sekula irabazi ahalko ez luketen erreferendum bat antolatu eta gauetik goizera luke bere okupazio ilegitimoa «demokratiko» bilakatua. Ez, lagunok. Autodeterminazioa gauzatzeak emaitza bakarra izaten ahal du. Eta definizioz gainera: galdutako askatasuna berreskuratzea eta independentzia berrezartzea.

Espainia eta Frantziaren boteretik askatzeko gure borondatea zilegi dela jakiteko ez genuke inongo eskubideren errekonozimendurik behar, sano eta indartsu bageunde. Baina askatasuna bozka batean jokatzeko prest dagoela egia izatekotan ez duenez nire herri honek indar eta osasun handia erakusten, nazioarteko zuzenbidearen ardatz den eskubide nagusia alde dugula kontatu nahi izan dizuet. Duintasuna bere tokian kokatzen lagunduko digulakoan. Hala izan bedi!

Berria

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/020/001/2018-07-24/herrien_autodeterminazio_eskubidea.htm