Zubiak eta harresiak

Posted: 22nd marzo 2018 by Euskaria in Sin categoría

Eneko Bidegain

ENEKO BIDEGAIN

ZatiketaHarresi

Bere “testuinguruan” ulertu behar omen da. Batzuk horrela ahalegindu dira jabaltzen beste batzuen kexak, Gure Esku Dago-ren aurtengo giza-kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituela iragarri ondoan. Testuinguruak eraikitzen dira, behartzen dira, denborarekin moldatzen dira. Testuinguruak dena justifika dezake eta ez du deus justifikatzen, aldi berean. 

Duela hogei urteko testuingurua zen Gernikako Estatutua “agortua” zela. Iduri zuen Euskal Autonomia Erkidegoa bera eta Hego Euskal Herriaren zatiketa administratiboa erortzekotan zirela, eta nazio eraikuntzaren aroan sartu ginela. Hogei urte ere ez zeuzkan egituraketa hark. 1979ko autonomia estatutua eta zatiketa administratiboa ez zituen onartu Euskal Herriaren zati handi batek: Euskal Herriaren parte baten autonomia beharrean, Euskal Herri osoaren (eta hala ez bazen, Hego Euskal Herriaren) independentzia nahi zen. Hemeretzi urte zituen autonomia hura azken hatsetan zela uste genuen 1998an. Geroztik beste hogei urte iragan dira. Gernikako Estatutuaren orduko egoera “agortuak” ez du aitzinamendu handirik izan.

Baina azken hogei urteetan, EAE marka indartu da ikaragarri, gero eta gehiago sakondu da zatiketa administratiboa, denbora guztian azpimarratu da hiru errealitate administratiboen ideia, bakoitzak bere bidea egin du sekulan baino gehiago, besteari bizkarra emanez…

Azken hogei urteetan, EAE marka indartu da ikaragarri,
gero eta gehiago sakondu da zatiketa administratiboa,
denbora guztian azpimarratu da
hiru errealitate administratiboen ideia,
bakoitzak bere bidea egin du
sekulan baino gehiago, besteari bizkarra emanez…

Azken hogei urteetan natural bihurtu da aitzineko hogei urteetan onartezintzat jotzen zen egoera. Eta horrela heldu gara egoera honetara, non ezker abertzaleak ere onartzen duen EAEra mugatzen den eztabaida politikoa, EAEren estatus berria dela eta ez dela. Ia mende erdiko kalapita eta zalaparta, azkenean onartzeko kalapita eta zalaparta haien oinarrian zegoen egoera bat… 1998an agortua zena, orain biziberritu nahi da, urtez urte luzatzen eta gibelatzen ari den eztabaidaren bitartez.

Estatus berri horretan –noizbait jinen da ala legebiltzarkideen denbora-pasa betierekoa bihurtu da?– sartu nahi da “erabakitzeko eskubidea”. Denek aurreikusten bide dute, Eusko Legebiltzarrak hori onar baleza ere, Madrilek berehala indargabetuko lukeela. Hortik espero ote da Katalunian zabaldu zen frustrazioaren eta haserrearen gisako bat errepikatzea EAEn, eta hortik piztea independentziaren aldeko hats berri bat? Hasteko, mimetismoz jokatzeak ez du baitezpada segurtatzen gauza bera gertatzea. Eta gauza bera gerta baledi ere, Kataluniako prozesuak erakutsi du noraino hel zitekeen. Beraz, “erabakitzeko eskubidearen” eufemismo politikoak ez du deus bermatzen.

Herri honek askatasuna behar du, eta hori ez da bozkatzen, mundu guztiari berez dagokion eskubide bat da. Askatasuna ukatzen duenarekin ez dago negoziatzerik. Bide honek garamatza herriaren zatiketan sakontzera. Zubiak eraiki beharrean, harresiak eraikitzen ari gara. Zatiketa administratiboaren onarpenean eta EAEren zentraltasunean oinarritu bada estrategia politikoa, normala da Euskal Herriko ekialdea ez inplikatua sentitzea Gure Esku Dago-ren dinamikan.

Halako aldarrikapen bat duena ez da sekula izanen mobilizazio nazionala. Mobilizazioa zergatik eta zertarako? Mobilizazioa egiteagatik? Zein herri proiekturekin? Herria zatitzen duten “testuinguruak” eta mobilizazioak sortuz, herria ahultzen dugu, eta ahuleziak urruntzen gaitu askatasunetik, nahiz eta noizbehinka dozenaka mila laguneko bestak antolatu.

Errealitate administratiboa da herri gisa ukatzen eta itotzen gaituena. Itotzen gaituen horretatik eta telebistako edo egunkarietako argietatik (egituraketa politikoa eta hedabideen erakarmena loturik daude) aparte dago askatasunaren bidea.

http://www.enbata.info/articles/zubiak-eta-harresiak/