Mirian Agirre (Brasil) Veronica Domingo (Araba), Claudio Echeverria de la Barra (Txile), Txema Landa (Nafarroa), Jose Joaquin Saldias (Argentina). Euskariakideak
Horri dagokionez, bereziki lazgarriak dira Espainian ETAko preso deritzenei ezarri izan zaizkien zigorrak, eta ez dugu esaten ETAko presoei, ez dagoelako behar beste segurtasun prozesal halakoak direnik baieztatzeko. Izan ere, zigor horietako gehienak zor den prozesua izenekoaren arauak urratuz jarriak dira, ikerketa prozesalaren hasieran inkomunikazio aldi ezinago luzea ezarri baitzitzaien erruduntzat jotakoei, baita hamahiru egunekoa ere kasu askotan.
Segurtasun juridikoa erregimen demokratiko guztiek bere-berea duten berme bat da, eta bere gain hartu behar du pertsona orori dagozkien eskubide guztien babesa. Eskubide horietako bat da epaitua izatea. Horrek berekin dakar errugabetzat hartzea legez kanpoko zerbait egiteagatik ikertua den oro baldin eta ez bada frogatzen haren erruduntasuna, zeina betiere eta beren-beregi bide arrazionalki ezin eztabaidatuzko eta erabakigarrien bidez frogatu beharko baita, epaia eman behar duen epailearen kontzientzian horren uste sendoa sortzeko.
Hala gertatzen ez bada, epaiak prozedura akats konponezina du, eta deuseza da, deuseztasun absolutua du, epaia ez baita eman edozein prozesuk ezinbestean behar duen segurtasun juridikoaren arabera. Zigor prozeduran, segurtasun juridikoa are premiazkoagoa da, zigortuari bizitza puska bat ebats diezaiokeenez hozka.
Horri dagokionez, bereziki lazgarriak dira Espainian ETAko preso deritzenei ezarri izan zaizkien zigorrak, eta ez dugu esaten ETAko presoei, ez dagoelako behar beste segurtasun prozesal halakoak direnik baieztatzeko. Izan ere, zigor horietako gehienak zor den prozesua izenekoaren arauak urratuz jarriak dira, ikerketa prozesalaren hasieran inkomunikazio aldi ezinago luzea ezarri baitzitzaien erruduntzat jotakoei, baita hamahiru egunekoa ere kasu askotan.
Inkomunikazio aldi horretan, Poliziaren nahietara abandonatu zituzten atxilotuak, inolako laguntza juridikorik eta osasun artarik gabe, haien senideak berak egoeraz ez informatzeraino. Halako baldintzek, argi eta garbi, bide eman zuten legez kontrako moduan estu hartzeko, eta tratu umiliagarriak emateko, tortura barne.
Denok ohartzen gara ezen inputatuei, halako abandonura beharturik, beldur kontrolaezin bat sentiarazten zaiela, edo, minaren minez, pairamen muturrekoa jasanarazten, eta espero izatekoa da egin gabekoak ere aitortzea edo errugabe batzuk akusatzea. Hori guztia, hilda amaitzen ez badute, hori ere gertatu da eta.
Aipaturiko hori ez da teoria hutsa, milaka tortura salaketa ekarri baitzituen; haietatik gehienak ez zituzten ikertu, eta, ikertu zituzten aldi bakanetan, epaileek aho betean baztertu zituzten, frogarik eza argudiatuz behin eta berriro; bide batez, Poliziaren kontrako kalumnia delitua egiteaz akusatu zituzten salaketa egileak. Zigorrak ezarri zituzten kasu bakanetan ere, gutxienekoak izan ziren, eta, hain txikiak izan ez zirenetan, agintari politikoek indultua eman zieten berehala kaltetuei; are gehiago, indultua eman ostean, beren polizia eginkizunetara itzularazi zituzten behin eta berriro, lantoki eta kargu hobeetara igo, baita zuzenean kondekoratu ere.
Oroitzapenean berri-berri ditugu oraindik zenbait kasu, bakar batzuk aipatzearren: Unai Romano, zeinari inkomunikazio aldian geratu zitzaion aurpegi desitxuratua ikusgai baitago orain Interneten; Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala euskal gazteak, berriz, zuzenean erail zituen Poliziak, eta haien gorpuak toki basa malkartsu batean lurperatu kare bizian, han inork sekula aurkituko ez zituelakoan; mundu guztiak gogoan izango du Joseba Arregi Izagirreren kasua ere, zeinaren gorpu zauriz urratuak argi ageri baitzuen ez zuela aitortu galdegin ziotenik, polizien leotzetan basaki tratatua izanagatik ere.
Honaino iritsita, zera ondorioztatu behar da ezinbestean: tortura salaketak gertatu diren prozesuetan Espainian ezarri izan dituzten zigorrak, inkomunikazio egoeran indarrez lortutako aitorkizunetan oinarritu direnez, deusezak dira deuseztasun absolutuz, arrazoi argi eta garbi ulergarriengatik eta ortodoxia juridiko zorrotzaren arabera; eta hori hala da, azken batean, torturaren ostean ez delako frogatzen torturatua erruduna dela, baizik eta ez dagoela haren erruduntasunaren froga ezin eztabaidatuzkorik.
Horixe berretsi dute NBEn eta Giza Eskubideen Europako Auzitegian, arrazoi horiengatik guztiengatik Espainia behin eta berriz larderiatu eta kondenatu izan dutenean.
Bi gehi bi beti dira lau, baita Espainian ere.
Berria erredakzioan itzulia