Patxi Aparren
http://www.euskaria.eu/news/1479902515
Sinbiosia
1986an, Ardanza lehendakari hautatu zuen Gasteizko Legebiltzarrak. Hauteskundeetan EAJk 17 eserleku lortu zituen; PSOEk 19; EAk eta HBk 13na. EEk 9, APk eta CDSek 2na. Hortaz, abertzaletzat jotzen ziren alderdiek 54; nazionalista espainiarrek 23. Baina aurten berriro errepikatuko den moduan, hautua ez zen gobernu abertzalea izan. PSOEk legebiltzarkide kopuruan irabazi arren, PNVri utzi zion lehendakaritza. Aurretik, PSE-EE-EA gobernua egiteko ahalegina egin zen, baina akordio hura ezinezkoa zen testu-inguru politiko hartan.
1986an eta hamarkada luze batez, PNVek eta PSEk “ehizagune” ezberdinak izan zituzten. Biek ala biek bozka identitarioa aldarrikatzen zuten, estetikoki “eskuin”; “ezker” eremuak okupatzen zituztelarik.
Indar-korrelazioan PNVren zatiketak sorturiko egoera konpontzea zen Arzallusen lehentasuna. Izan ere, HB-EA-EE balizko hurbilketak EAJ aise gainditzen zuen Euskal Herri osoan ( Gasteizko legebiltzarraren eremuan 35/ 17). Ezkerreko abertzaletasunaren garaipena oztopatzea bazen ere PSOEren nahia. Interes komunak izateak PNVrekiko sinbiosia sortu zuen .Bestalde, gobernugunetatik at zegoen PSOEren elite politikoarentzat aukera paregabea zen sozialki , ekonomikoki eta politikoki igotzeko. Ibilbide profesionalik gabeko PSEkide andanak elite ekonomikoekin jarduteko aukera ederki profitatu zuen, gaur arte. Esan gabe doa PSEkideek egin zuten aldaketa hark behin betiko sozialismoaren aztarna guztiak ezabatu zituela euren jardun politikoan.
Rosa Diaz bera zoratzen zebilen Europan barrena “ven y cuéntalo” kanpainaren eskutik. Gozoak izan ziren PNV-PSOEren ezkontzaren hasierako urteak. PNVek fiskalitateari, industriari, ETBri, lehendakaritzari eta diputazioen “taifa” sistemari eutsiz, aski zuen. PSEk euskal hezkuntza sisteman eskua sartuz, trebezi handiko mugimendua egin zuen, eta gainera, aurki Euskadiko Ezkerra merke-merke erosiko zuen.
Aitzitik, beste arlotan, urte oso latzak izan ziren, ezin ukatu. Alde anitzetako bortizkeria politikoak gogor astintzen zuen, jardun soziopolitiko zibila erabat oztopatuz. ETAren jardunak ezinezkoa bilakatzen zuen ezkerreko abertzaletasun osoaren egituraketa; GALen jardunak, aldiz, ez zuen oztopatu PSE-PNV akordioa. Kontraesan itzel hau kudeatze aldera „Arriago Espituak“ gidaturik, 1988an Ajuria Eneako Ituna sinatu zen.
Haatik, sinbosi batzuk ez dira betiko. „Ehiza eremuak“ nahasten ari ziren. Arestian esan bezala, 1986an indar estatalistek 23 jesarleku zituzten; 1994an 35 eta Nafarroa Garaian UPN-PSN akordio estrategikoa erabat erroturik. Zenbait argi gorri piztu ziren jeltzaleen bulegoetan.
Ardanzaren jardun , estiloa eta kokapen politikoak; ETAren jardun armaturen jarraipenak eta Ajuria Eneako kudeaketa pozoitsuak epe laburrean PNVren hegemonia arriskuan jarri ahal zuten. Nafarroa Garaia galtzea onar zezaketen; Lakua eta mendebaldeko hiru diputazioak ez. Hori dela eta, Lizarra-Garazira eramango zuen ibilbidearen hastapeneko keinuak egiten hasi ziren. Ordurako Xabier Arzallus jubilatzeko bidean zegoen, PNV-EA lehia jeltzaleen alde bideratuta, Azkoitiarraren boteregura apaltzen ari zen eta bere biografiaren azkeneko lerroetan bestelako ondarea utzi nahi zuen.
Hegemonia galtzeko arriskuak aliantza berriak osatzeko saiakera egitea ahalbideratu zuen. EAJren zuzendaritzaren baitan batzuek gogoz egin zuten aldaketa; besteek ,beharturik, Ibarretxeren Aroa jasan behar izan zuten. Bigarren sektore horrek bereak eta bi egin zituen ahal bezain laster atseginagoa zuten egoerara itzultzeko, ezkerrak eta sindikalismoak gida zezakeen askapen prozesuak bere interes guztien aurka jokatu ahal zituen eta.
Zapa lana egin zuten gogor, baita irabazi ere. Ibarretxeren barne aurkariek irabazi zuten, lagunek bizkarra eman zioten. Lizarra-Garazirekin egin zen saiakeraren amaierarekin batera, balizko EAJ independentista baten aukera guztiak bukatu ziren. EAJk hamaikagarren aldiz, nazio hautapenaren aurretik klase-hautapena egin baitzuen eta berriz ere, PSE aurkitu zuen/du bidaide.
Lakuarako azkeneko hauteskundeetan PNVren eledun guztiek errepikatu dute: “eredu sozioekonomikoan PSE dugu gertuen; EHbildu aurkaria da”. Esan lez, PNVk nazio askapenaren gainetik bere klase interesak hobetsi ditu; PSEk ere kontrako norabidean, nazio hautuari eusten, klase-hautuari uko egin dio. Aldaketa bikoitza horri esker, berriz ere, PNV-PSEk talde sinbiotikoa berrosatzeko parada aurkitu dute.
Hala ere, aldaketa sakona ere eman da. PSOEk, Europako sozialdemokrazia osoak egin duen moduan, eskuinaren aurrean amore eman du, “Merkatuek” demokraziaren azkeneko guneak birrindu ditu eta sozialdemokraziak onartu du. Porrot hori Mendebaldeko Estatu eta herri guztietan eragin izaten ari da; Grezian, AEBn, Madrilen, laster frantziar Estatuan . Madrilen, porrot horrek Rajoyren bigarren gobernua ekarri du; EAE izena duen Euskal Herriko zati honetan, Urkulluren bigarren agintaldia ekarriko du.
Hamarkada luzez, PSE gustura aritu zen PNVren itzaletan, jeltzaleak estutzeko beharra zegoen guztietan, Madrildik estutzen zituztelako. Orain , berriz, PSOE PPren morroi bilaktu den bezala, PSEk PNVrekiko morroi lana onartu beharko du. PNV eta PSE “ehizaguneak” nahastu dira, PNVren mesederako. Identitate antagonikoetan antolatutako rol-banaketak ez du balio. PNVek independentismoari uko eginez eta PSE kapitalismoaz gozatuz, biek esparru bera okupatzen dute eta PNV atera da garaile.
Eskuinari, neoliberalismoari, garapen eredu jasangaitz honi, kultur gutxituen sarraskiari alternatiba eraikitzeko, euskal ezkerrak bere burua berrasmatu behar du. Ezker Independentistak , bereziki, bere burua berrasmatu behar du, sektore horretatik baino ezin da-eta indar-korrelazioa aldatu.
Hauteskunde kanpaina mediatiko bezain aspergarriek eskatzen duten gaineszenifikazioa egon zela susmatu arren, EHbilduren proposamena zintzoa izan zela uste dut. Hau da, EHBilduk PNV eta Podemosekin herri-akordioak sinatzeko proposamena egin zuenean, akordio horiek lortu nahi zituela uste dut. Aste batzuk baino ez badira pasa ere, akordio horien eremuak oso txikiak izan daitezkeela ematen du.
Akordio proposamenak joku dialektiko eraikitzailea sortzen du, baina litekeena da, Ez-Akordioek eraldaketarako aukera gehiago zabaltzea. Ezker soberanista eta independentista ez baita erori Europako sozialdemokrazia erori den zuloan. Sozialismo demokratikoa, herrien eta pertsonen askatasunean, berdintasunean eta ekonomiaren demokratizazioan oinarritzen den ezker eraldatzailea, Euskal Herrian egituratzeko aukera dagoelako.
Madrilen PPPSOE alderdia sortu da; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian PNVPSE. Alternatiba eragile soziopolitiko eta sindikal soberanistek eta ezkertiarrek eraiki behar dute. Legebiltzarretan, udaletan ,aldundietan egin behar diren ahalegin guztiekin batera, herri dinamikak irekitzea ezinbestekoa da, horrela soilik gainditu ahal izango da Mendebaldeko herri guztietan nagusitzen ari den sistema postdemokratikoa eta euskal demokrazia ahalbideratu.